Azaroak 18 dnok Andoainera   >>web-gune berezia

prentrHND.jpg (39147 bytes)Gazteriaren hitza eta erabakia bideratzeko sortutako Gazteriaren Biltzarraren eguna dator. Euskal Herriko gazteriak badu jada bere iritzia agertzeko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko gunea. Hilaren 18an Andoaingo Bastero kulturgunean goizeko 9:30etatik aurrera eta goizeko saioan, herri honetako gazteriak dituen gabezien inguruan aritu eta horiek gainditzeko beharrezkoak diren egitasmoak erabakitzeko zita dugu.

Gure herriaren garapenean gazteriak zer esan handia duela deritzogu. Hala ere, jendartearen motore izanik, bere eskubideak ez dira aintzatetsiak izan denbora luzez; eta sarri, behar duen arreta ez zaio eskaini bere parte integratzailea den jendartearen aldetik. Era horretan Gazteriaren Biltzarrak gazteok gure herriaren zein kide garen kolektiboaren aldeko garapenean dugun konpromisoaren erakusle izan nahi du, eta bide batez hurrengo hilabeteetan Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak sustatu eta bultzatuko dituen egitasmoak denen artean erabakitzeko eta adosteko saiakera da.

Gazteriaren Biltzarrean Euskal Herriko edozein gaztek du parte-hartzeko aukera. Halaber, parte-hartze hori aktiboa izango da, bertaratzen den edozeinek izango baitu bere hitza agertzeko aukera. Eta aurreratu dezakegu, bertan gure herriko herrialde, eskualde eta herri ezberdinetatik, pentsamendu eta ideologia oso diferenteetatik, eremu ezberdinetan lanean ari diren gazteak hurbilduko direla, herri bezala eta gazte bezala, kolektibo osoaren beharrak, eragile bakoitzaren egitasmo zehatzen aurrean lehenetsiz. Dena den, bertan erabakitako egitasmoek ez dute inolaz ere, eragileen lana ordezkatuko; aitzitik, eragile zein norbanako ezberdinentzako tresna erabilgarria izan nahi du bai Gazteriaren Biltzarrak eta baita eHgk-k ere.

Gazteriaren Biltzarra’06-ko saioa hiru ataletan banatuko dugu:

  1. Ekintzarako plana: bertan eremu ezberdinetan gazteok bizi dugun egoera ikusita eta hilabete hauetan lanean ari diren gazte elkarte zein norbanoakoekin bildu ostean, eHgk-tik garatu beharreko ildoak zeintzuk diren eztabaidatu eta adostea dugu helburu. Horien artean kokatu behar ditugu etxebizitzaren inguruko proposamenak edo gazte espazioen ingurukoak, eta beste eremu ezberdinetan garatuko direnak (laborantza, euskara, aisialdia, …). Proposamen guzti hauek eremu guzti hauetan lanean diharduten eragile zein norbanakoen aldetik proposaturikoak dira.
  2. Gazteriaren eskubideak: horiek bermatzeko beharrezkoak diren egitasmoen inguruan aritzea da helburua, hala nola, edozein gazteri eskubide urraketak salatzeko aukera emango duen zerbitzua abian jartzea.
  3. Bestelakoak: maila orokorragoan garatu beharreko egitasmoak eta eHgk-k landuko dituen hitzarmenak biltzen dituen atala da. Besteak beste, bai Nafarroako Gazte Kontseilua eta bai Euskadiko Gazte Kontseiluarekin garatuko dugun lankidetzaren berri emango dituena, nazioartean jorratu beharreko lana edo diagnostikoen eta datu basearen ataletan landu beharrekoak.

Azkeneko aste hauetan herriz-herri mintegiak burutzen izan gara Euskal Herri osoan zehar, eta hauetan eremu ezberdinetan garatu beharreko egitasmoen inguruko gogoeta zein proposamen ezberdinak biltzeko aukera izan dugu. Halaber, eragile zein norbanako askoren ekarpenak jaso ditugu.

Eztabaidagai izango ditugun testuak hilaren 13rako egongo dira sarean eskuragarri, www.gazteriarenkontseilua.org , baina ez dira inolaz ere proposamen itxiak izango; aitzitik, hurrengo hilabeteetan garatu eta landu beharko lirateke, eragileen zein norbanakoen laguntzarekin.

Andoainera bertaratzeko autobusak jarri ditugu Iruņea, Bilbo eta Gasteiztik. Horietara apuntatzeko 636092484 telefonora hots egitea besterik ez dago (arratsaldez).

Hortaz, Euskal Herriko gazteriak azaroaren 18an ezinbesteko zita du Gazteriaren Biltzarrean, azken finean Biltzarreko leloak dioen modura “gazteok erabaki, gazteok eraiki” edo beste hitzetan esanda hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da. Egitasmo honek sortu duen ilusioa gazteriaren garapen integrala ahalbidetuko duen uholdean bihurtzeko garaia da.

Donostin, azaroaren 8an