Gazteria munduan zehar emandako hainbat aldaketen aitzindaria izan da. Hala ere, jendartearen motore izanik, bere eskubideak ez dira aintzatetsiak izan denbora luzez; eta sarri, behar duen arreta ez zaio eskaini bere parte integratzailea den jendartearen aldetik. Horrela, oztopoak oztopo, egun euskal gazteria onestu gabeko eskubideen taldea da.
Euskal gazteria hainbat eskubideren jabe izanik, era berean, hainbat ardura edo betebehar baditu ere bai. Alde batetik, Euskal Herriaren garapen sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalari begira, gazteriaren parte-hartzea eta inplikazioa behar dira; bestalde, gazteriaren eskubideei begira, kolektiboko gazteen arteko elkartasunaren eta bere kolektiboaren garapenararen aldeko jarrera aktiboa eta ardura erakutsi behar dute euskal gazteek.
Euskal gazteriari eskubide zibil zein politikoak bermatu behar zaizkio. Horrela, giza eskubideak eta askatasun publikoak, herri botereek babestu beharrekoak dira. Edozein gaztek Euskal Herrian bakean eta askatasunean bizitzeko eskubidea du. Kolektibo honen kide diren pertsona guztiei eskubide zibilak bermatzeaz gain, eskubide politikoak ere bermatu behar zaizkio euskal gazteriari eta zentzu horretan, adierazpen-askatasuna, biltzeko eskubidea zein ideia- eta iritzi-askatasunean oinarritutako bizikidetza bermatu behar zaizkie. Bestalde, gazteek bizi-proiektu desberdinak garatu ahal izateko beharrezkoak dituzten eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta linguistikoen onarpena lortu behar dute. Horrela, eskubideok ez dira egoera sozial, politiko edota ekonomikoaren arabera baldintzatu behar; aitzitik, egoera edozein delarik ere, bermatu egin behar dira.
Euskal gazteriari, esan bezala, hainbat eskubide zor zaizkio. Hala ere, gazte kolektiboaren barnean, badira gazteak, bizi duten egoeragatik, bereziki bermatu behar zaizkienak eskubide guztiak. Gaztea hitza erabiltzean, gizon eta emakume gazteei egin nahi zaie erreferentzia, azken horiei, gaztea izateagatik urratuak dituzten eskubideei, emakume izateagatik pairatzen dituzten urraketak gehitu behar zaizkie. Ildo beretik, gure herrira edozein arrazoirengatik etorritako etorkin gazteei, sexu-aukera askatasunean egin duten gazteei edo ezintasun fisiko edo psikikoak dituzten gazteei aipatzen diren eskubide guztiak bereziki aitortu eta bermatu behar dizkie jendarteak.
Bide honetatik, eHgk-k Euskal Herriko Eskubideen Karta eratu eta onetsi zuen 2005eko Gazteriaren Biltzarrean. Bertan, Euskal Herriko Gazteriak berezkoak dituen eskubideen zerrendaketa burutzen da, urratuak ditugun eskubideak identifika ahal izateko ezinbesteko tresna. Ondorioz, urtero gazteon eskubideen urraketak jaoko dituen txostena burutuko du eHgk-k, eta urraketa horiek jasotzeko eskubideurraketak@gazteriarenkontseilua.org posta sortu du, gazte orok, norbanako zein antolatuk, bere egunerokotasunean urratuak zˇsentitzen dituen eskubideak sala ditzan.